Ocean i3 diziplinarteko, mugaz gaindiko eta kulturarteko proiektu bat da, Bordeleko Unibertsitateko eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) graduko eta graduondoko hainbat titulaziotako kideei zuzendua.
Blue skills direlakoen arloko prestakuntza intentsiboko unibertsitate arteko ibilbide bat egitea eta enplegagarritasun plan bat garatzea da bere eginkizuna. Bi alderdi horiek ekonomia urdinarekin lotutako mugaz gaindiko lanaren arloan enplegagarritasuna, ekintzailetza eta jakintza balio handiko berrikuntza sustatzera bideratuta daude.
Komunitateak Mission Oriented Research and Innovation ikuspegiarekin egiten du lan, ikerketan eta esku hartzean oinarritutako ikaskuntza proiektuak egiteko, betiere helburu komun batekin: plastikoek Euskadi-Akitania itsasertzean eragindako kutsadura murriztea.
Ocean i3 proiektuak living lab laborategi gisa funtzionatzen du: ikaslez eta irakaslez osatutako diziplinarteko taldeak osatzen dira, eta horiek erronka jakin batzuen inguruan egiten dute lan, mugaz gaindiko itsasertzeko ekonomia urdinaren sektoreko entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean.
Ocean i3 proiektuko diziplinarteko komunitateak unibertsitate zibiko bat garatzen laguntzen du; hots, lurraldeko arazoekin konprometituta dagoen unibertsitate bat, jasangarritasunean oinarrituz eta onura publikoaren mesedetan kalitatezko irakaskuntza eta ikerketa sustatzen dituena.
Ocean i3 proiektuaren bidez, unibertsitateko kideak, lurraldeko eragileekin batera, jasangarritasunaren aldeko heziketako esperientzietan inplikatzeko asmoa dago.
Proiektuak lau motatako helburuak ditu:
Lehenengo helburu hau bat dator UPV/EHUren IKDi3 ereduarekin. Prestakuntza ibilbideak ikasteko metodologia aktiboak erabiltzen ditu, ikerketan oinarrituak eta erronketara zuzenduak, ikasleek, taldeka, honako hauek egin ditzaten: a) arazoaren irismena elkarrekin definitu; b) proiektu kolektiboak eta diziplinartekoak diseinatu; eta c) eragileekin adostutako emaitzak osatu, adibidez, ekintza planak, azterlanak, prototipoak, esku hartzeak, etab. Hala, gaitasun orokorrak gauzatzeko eta garatzeko aukera ematen du, hiru dimentsiotan:
a) Ikaskuntza
b) Ikerkuntza
c) Iraunkortasuna
Ekonomia urdineko enplegagarritasun planaren xedea honako hau da: benetako erronketan eta praktiketan oinarritutako ikaskuntzen bitartez, ikasleak zuzenean sartzea ingurune profesionalizatzailean.
Ongoing blue skills gisa identifikatutako prozesuan, irakasleek eta eragile sozioekonomikoek elkarrekin identifikatzen dituzte sektorearen beharrak, dinamikak eta erronkak, mugaz gaindiko ekonomia urdinak eskatzen dituen eta eskatuko dituen gaitasun urdinetan orientatzeko eta prestakuntza emateko.
Berrikuntza Pedagogikoko Nazioarteko Taldeak tutoretza ematen die ikasleei, eta, horrez gain, Ocean i3 tresnaren diseinu metodologikoaz, ikaskuntza modulua formulatzeaz eta graduko eta masterreko curriculumetan sartzeko modua finkatzeaz arduratzen da. Esperimentazioan oinarrituz eta ikaskuntza komunitate gisa egiten du lan, UPV/EHUko Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (HELAZ) laguntzarekin.
Ocean i3-ko komunitate hedatu, diziplina anitzeko eta eragile askotakoa garatzean datza, proiektuaren hainbat etapatan lagundu dezan, honako xede hauekin:
Ocean I3 izena bi alderdirekin lotuta dago: batetik, eginkizunaren xedearekin, hau da, ozeanoarekin; eta, bestetik, UPV/EHUren IKD I3 eredu pedagogikoarekin, zeinak ikaskuntza, ikerkuntza eta iraunkortasuna uztartzen dituen (kontzeptu horien hasierako letratik datoz hiru «i»-ak).
EKONOMIA URDINA
Gaitasun urdinen eta enplegagarritasunaren inguruko unibertsitate ibilbidea bat dator bi unibertsitateetako gaitasunak mobilizatzearen eta lurraldeko eragileekin elkarlan estuan aritzearen aldeko apustuarekin. Horrela, mugaz gaindiko itsasertzeko ekonomia urdina garatzen laguntzeko asmoa dago, eta horrek Arku Atlantikoan proiekzioa izatekoa, jasangarritasunarekin lotutako jakintza balio handiko enplegagarritasuna sustatzeko prestakuntza eta ikerketa aukera gisa hartuta.
Ekonomia urdina modu jasangarrian hazteko eta lehiatzeko aukeren eremu bihurtzen ari da mundu osoan. Euskadik eta Akitania Berriak 896 km itsasertz partekatzen dituzte, baita askotariko jarduera tradizionalen eta emergenteen multzo aberatsa ere. Ondorioz, bertako dinamika sozioekonomikoak aukera handiak ditu mugaz gaindiko ekonomia urdina euroeskualdeko lankidetzako funtsezko elementu bihurrarazteko.
Dagoeneko proiektu eta ekimen asko daude martxan lurraldean, baita eskualde mailako estrategiak –esaterako, Croissance Bleue, Akitania Berrian– eta Europa mailakoak ere –Estrategia Atlantikoaren Plana–. Horiek guztiek horizonte itxaropentsuak markatzen dituzte eta konpromiso koordinatuak eskatzen dituzte.