Hasi da Ocean i3ren 4. edizioa!

Bihar, ostiralean, urtarrilaren 28an, 21-22 ikasturtearen 5 workshopetako lehena egingo da, birtualki. Tailerretan, taldeka, erronka komun baten inguruko proiektuak garatuko dira, plastikoen bidezko kutsadura murriztera bideratuta.

compartir post...

Ikasleak, irakasleak eta gizarte-eragileak bilduko dira, eta bakoitzak rol jakin bat izango du. Ikasleek aurtengo edizioetako Ocean i3ren bost workshopetan parte hartuko dute eta lankidetzan arituko dira talde-proiektuaren definizioan. Irakasleek ikasleak gidatu, lagundu eta animatuko dituzte ziklo osoan. Gizarte-eragileek erronkak proposatuko dituzte eta ikasleei lagunduko diete lanaren garapenean. 

Ikasturtean zehar landuko diren erronkak 4 eremutan banatu dira:

  • Hondakinak
  • Uraren zikloa
  • Ekoizpen zikloa eta kontsumoa
  • Natura eta giza inpaktua

Lehen workshop honetan proposatutako erronkak aurkeztu eta ezagutuko dira, eta taldeak koordinatzen eta helburuak eta lan-planak adosten hasiko dira. 

Tailer eleanitza eta diziplina anitzekoa izango da eta bertan mugaz gaindiko komunitate honetako lau hizkuntzak egongo dira (euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa). Beste behin ere, hizkuntza-aniztasunak hizkuntzaren gaineko kontzientzia sortzen lagunduko digu.

Mintegi honek hainbat diziplinatako ikasleak (Zuzenbidea, Pedagogia, Arte Ederrak, Erizaintza, Kirolaren Kudeaketa, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Sorkuntza eta Diseinua, Materialen Ingeniaritza, Interpretazioa eta Itzulpena) eta hainbat sektoretako agenteak (enpresak, elkarteak, clusterrak, GKEak, administrazio publikoak, etab.) bilduko ditu.

Workshop honetatik aurrera, Ocean i3 komunitateko taldeak lanean hasiko dira erronkei erantzuteko eta mugaz gaindiko itsasertze euskal akitanoan plastikoek eragindako poluzioa murrizten laguntzeko.

Marrazkia: Irati Urabayen Ruiz